Arrain Azoka duela mende laurden jaio zen Bermeoko ekonomiaren pilare nagusietariko baten potentziala, kontserba-industria, publikoari ezagutarazteko asmoarekin. Geroztik, Kantauri itsasoko arrain eta kontserba munduan erreferentziazko azoka bilakatu da, bertako produktuak sustatzeaz gain, urtez urte ekintza programazio zabala eskainiz.
Bere XXV. edizioak, maiatzak 17, 18 eta 19an ospatutakoak, Lamera Parkea izan du berriz ere bere jardueren epizentrotzat, itsasoko produktuen azoka eta BTWC (Bermeo Tuna World Capital) karpan ospatu diren konferentzia eta tailerrekin. Gainera, hainbat kontzertu, itsasora irteera eta kontserberetara bisita eskaini dira, eta Kofradia Zaharrean bertako produktuekin prestaturiko errezetak dastatu ahal izan dira, helburu solidarioekin.