Fatxadetan aldaketak egon badaitezke ere gehienek jatorrizko moldea dute. Bizkaiko iturririk zaharrena dago bertan, XVI.mende amaieran eraikia.
Etxe horiek amildegian eraikita zeuden, lurreko harkaitzera erantsiak. Azpimarragarriena pobrezia da. Oro har, arrantzaleek, beren familiekin etxe oker eta osasunkaitzenak okupatzen zituzten, argiztapenik eta aireztapenik gabe, espazio erabilgarri gutxirekin. Gainera, askotan, familia bat baino gehiago etxe berean bizi ziren. Jabetzako oso etxe gutxi zeuden; gehienak armadoreenak edo patroienak ziren. Normalean fatxada karez zuritzen zen, zokaloari kolore iluna emanez. Zuriarekin kontrastea eginez, arotzeria-lanak kolore deigarriekin margotzen ziren. Etxebizitza horietarako sarbideak, Santa Klara edo Utzako eskailera ederren bidez ikus ditzakegu.
Barruko portuak duen interesgune historiko handiena “Hiru iturriak” bezala ezagutzen den iturria da. Bizkaian kontserbatzen den iturri zaharrena da. Gainera, XVI. mendean itsasontziak urez hornitzea ahalbidetzen zuen eraikuntza noble bat da, kutsu manierista duena. Hiru armarri oso lauso ditu: erdialdekoa, armarri inperiala da (Karlos V-ren bi buruko arranoa); ezkerraldekoak Jaurerriaren ikurra darama; eta eskuinaldekoak Bermeoko armak ditu. Iturria duela urte askotik dago agortuta eta zoritxarrez, hodiak eta askak desagertu egin dira.
1912ko abuztuaren 12an Kantauriko kostaldean galarrena izan zen, 143 arrantzalek galdu zuten bizia, haietatik 112 bermeotarrak. Belazko nabigaziotik baporezkora aldatu zen bat batean Bermeoko ontzidia, galdutako itsasontziak belazkoak izan zirelako nagusiki. Gaur egungo kirol portuko pantalanetako zutabeek orduko baporeen tximiniak eta bakoitzaren koloreak irudikatzen dituzte.
Bermeoko bista lana (Luis Paret y Alcazar,1783) XVIII. mendeko maisulan handietakoa ez ezik, euskal herri baten lehen irudi moderno eta artistikoa dela esan daiteke. Bikain kontserbatutako olio pintura da. 1783an margotu zen, Karlos IV.a erregea izango zenarentzat. Paretek Bermeoko beste bista batekin bikotea osatzeko asmoz landu zuen obra hau; bikoteko beste obra desagertua da gaur egun, baina portua ekaitz bete-betean ikusten zen hartan.
Paretek garai bateko kaia edo portu txikia irudikatu zuen koadroan, gaur egun Bermeoko Portu Zaharra dena. Hura margotzeko, portuko sarrerako bokalearen eskuinaldeko moilan jarri zuen astoa, gaur egun Nestor Basterretxearen Olatua eskultura dagoen gunean. Hortik, herriaren ikuspegi zabala zuen margolariak, portuaren gaineko amildegiaren aurrez aurre.
Santa Eufemiaren eliza gotikotik –konposizioaren ezkerraldean– abiatzen da ikuspegi panoramiko hau; Ertzilla dorre adierazgarria agertzen da koadroaren erdian, eta Talako Andra Maria elizaren hondakinak, eskuinaldean. Elizaren; neurriagatik (84 metro luze eta 55 metro zabal), garaiko eraikin erlijioso ikusgarrienetako bat zen. 1504an eta 1722an erre egin zen eta kalte handiak izan zituen.
Santa Eufemia elizari dagokionez, “1782ko apirilaren 23an hasi ziren Gazteluko Santa Eufemia parrokia elizaren dorrea eraisteko lanak, Pareten koadroan, argi ikusten da Santa Eufemiako dorrea eraikuntza prozesu bete-betean. Beraz, uste da 1783ko lehen seihilekoan hasi zela madrildar margolaria bere artelanarekin.