Bizi Bermeo

Itsasoaren arima

Bermeo

Ertzilla Dorrea – Arrantzaleen museoa

XV. mendearen amaieran eraiki zuten. Defentsarako hainbat elementu dituen arren, etxebizitza moduan erabiltzeko eraiki zela dirudi.

XV. mendeko dorretxe hau, Bermeok egun duen eraikin zibil zaharrena da. Garai batean Bermoko Alde Zaharrean 30 dorretxe baino gehiago zeuden. XX. Mende erdirarte dorrean jendea bizi zen, gaur egun Arrantzaleen Museoa da.

Museoari buruzko informazio gehiago:
http://bizkaikoa.bizkaia.eus/

Museoaren ordutegia:
Asteartetik larunbatera: 10:00-19:00
Igande eta jai egunak: 10:30-14:30
Astelehenetan eta igande arratsaldeetan itxita

Tel: 94 617 11 71

Ertzila dorrea Bermeoko portu zaharraren gainean dago. Dorrea leku estrategikoan dago, Torrontero deritzon begiratoki ederrak portuko gora beherak eta komertzio guztiaren berri izateko aukera paregabea eskaintzen duelako. Herrian zeuden hogeita hamar dorreetatik zutik dirauen bakarra da.

Oinplano irregularra du, sei aldetakoa, eta sei isurialdeko teilatua. Eraikinaren inguruko zama-horma lodiek gotorleku itxura ematen diote.

Material desberdinez eginda dago, fatxada nagusia hareharri landuaz, beste alde bat ere material berdinarekin eginda dago. Eta gainerako zatiak harlangaitzez eraikita daude.

XX. mende erdirarte etxebizitza zein ostatu izandakoa, 1944. urtean monumentu izendatu zuten, eta urte batzuk geroago Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen. Zaharberritu, eta 1948tik Arrantzaleen Museoa da. Tankera honetako museo bakarrenatakoa da, euskal arrantzaleen bizitzari, lanari eta arrantzari dagokion guztia erakutsiz bisitariari: arrantzaleen bizitzen eta ohituren deskribapena, gremio-elkarteak, ontziak, eta denboraren poderioz arrantzatzeko eta arraina merkaturatzeko erabilitako teknikak…

Gainera, Espainiar Guda Zibilean altxamendu faxistaren aurrean sortutako Euzkadiko Gudontzidiaren berri ematen digu, “Matxitxakoko Bataila” deritzon itsas guduan zentratuz.

Eraikina Alonso Ertzilla Zuñiga poetaren jatorria da. Haren aita, Fortun Garcia Ertzilla dorretxean jaio zen. Alonso Ertzilla Madrilgo errege korteetan jaio eta hazi zen, geroago Hego Amerikako inbasioan parte hartu zuen. Hala ere lotura estua eduki zuen herriarekin, Chileko maputxe edo araucoen aurkako guda maisutasunez kontatzen duen eta gaztelerazko obra klasiko garrantzitsua den “La Araucana (1569)” bilduman bertsoa Bermeori eskainiz, familiako oinetxea gogoan zuela:

“Mira Bermeo, cercado de maleza,
Cabeza de Bizkaia, y sobre el puerto
Los anchos muros del solar de Ercilla,
Solar antes fundado que la villa”

Lamera parkean Alonso Ercillaren busto bat dago araucaria zuhaitz baten ondoan.