Euskal Herriko atalaia sistema pribilegiatuena izan du mendeetan Bermeoko udalerriak. Izan ere, Izaro irlatik hasi eta Matxitxakoko lurmuterrera bitarte kokatutako atalaiei esker Bizkaiko Golkoaren zati handi bat kontrolpean izateko aukera paregabea zuten; mendebaldera begira Bizkaiko kostaldea Bilboko itsasadarreraino eta ekialdetik Bizkaia eta Gipuzkuako kostalde osoa. Egun argitsuz Lapurdiko mendiak ere begiztandu daitezkeelarik.
Tala bakoitzak bere talaieroa zuen, arrantzaleen kofradian aukeratzen zena eta hurrengo zerbitzuak eskaintzen zituzten: Eguraldiaren aurrerapenak, baleen eta arrainen kokapenen behaketa eta porturantz zetozen itsasontziak atoiatzeko informazioaren zabalpena.
Bost atalaia zituen Bermeok garai batean: Izaro uharteko fraideen eliza, Lamiaran puntan, Bastarren Talakoetxea kalean, Matxitxako lurmuturrean eta azkenik, egun Tala deritzon parkean.
Herriko goiko aldean kokatzen da begiratoki izugarri hau eta bertatik ikusten dira hurrenez hurren: Matxitxako , Bermeoko itsaslabarra, Gaviota plataforma, Izaro, Ogoño, Urdaibaiko itsasadarren hasiera edota portua.
Parkea leku lasai eta baketsua da udaran ospatzen diren jai egun batzuen salbuespenaz. Abuztu erdialdean hegaluze freskoena baliatuz Bermeotarrek marmita sukaldatzen dute lagunartean eta Irailean Bermeoko jaietan sukalki eguna egiten da, herri osoak parte hartzen duen ekitaldia izanik.
Gainera parkean bertan Nestor Basterretxea eskultore Bermeotarrak Benito Barrueta margolariari eskainitako eskultura ederraz gozatzeko parada izango dugu itsasotik begirada kendu gabe. Bizkarrean ospitalea geldituko zaigu, Severino Atxukarrok eta Federico Bordak estilo eklektikoan egina eta 1887an inauguratua. Bere iparreko horman, bale arrantzaren 60 metro luzerako murala dugu eta bertan erdi aroko bale arrantza zelakoa zen azaltzen da.