Bizi Bermeo

Itsasoaren arima

Bermeo

Matxitxako Lurmuturra

Penintsula osoan ezingo duzu lekurik aurkitu iparrerago, itsasargi biek (zaharrak eta berriak) eta naturaren indarrak magiko bihurtzen dute gunea. Zeru eta itsasoaren handitasuna sentitu nahi baduzu geratu eguzkia nola sartzen den ikustera, argazkiak berez aterako dituzu.

Bizkaiko itsasoaren indarkeriak eta alde honetako ekaitzen suminak, untzi asko hondoratu ditu. Oso txar eta tragikotzat hartu ahal dira 1878ko Larunbat Santuko eguerdian jazotako jazoerak: hurakan bortitzak 14 batel eta 3 txalupa hondorarazi zituen eta Bermeoko 85 itsasgizon ito ziren. Gogoratzeko beste data bat 1912ko abuztuaren 12tik 13rako zorigaiztoko gaua da: enbataren ondorioz, 116 bermeotar hil ziren.

Honela, arrantzaleen laguntzarako Bermeok hiru itsasargi izan ditu:

Herrian bertan, Errosapeko itsasargia (1912) Lamiaran puntaren mendebaldean dago. Seinale horrek Bermeoko porturatzea erraztea du eginkizun. Argi zuri eta gorriaren itxura du, 6 segunduoroko bi ezkutaldiko taldetan; bederatzi miliako ikuspena du.

Matxitxako izena duten bietatik jatorrizkoa, 1852ko abuztuaren 21ean inauguratu zen.

Obren aparejadorea Juan Martinez Aparizio, eta garai hartan 132.531 erreal kostatu zen dorrea, Durangaldeko harrobietatik etorritako harri landukoa, eta 233.796 erreal aparatu optikoa. Hura Matxitxako lurmuturraren puntarik irtenenean. Beraren proiekzio optikoari eta geometrikoari jarraiki, itsasargia lehen mailakoa zen, orduko irismenik handiena, 23 miliakoa. Argi mota finko zuria zen, 4 segunduro distirak ateratzen zituena. Argizko fokuaren garaiera, itsasoaren mailaren gainekoa, 79,42 metrokoa da. Hiru dorrezain zituen eta 1909ko abendura arte jardunean egon zen. Gerora, dorre zahar hori lainoadar bezala aprobetxatu da.

Hegoaldetik 110 metrora dago Matxitxakoko egungo itsasargia. 1909an inauguratu zen. Rafael de La Cerda ingeniari ospetsuaren lana izan zen.

Itsasargi-eskola bezala balio izan zuen. Eraikinak, dorrezainen etxea, biltegia eta tresna-gordetegia denak, planta angeluzuzena du. Sarrera nagusia erdi-puntuko arkukoa da. Era berean, solairuak eta baoak molduren bitartez azpimarraturik daude, kalostraz erremataturik daudela. 7 segunduoro agertzen da distira zuria, eta irismena 35 miliakoa da. Foku-planoa itsasoaren mailaren gainean 122 metrora jarrita dago, eta lurraren gainean 20,6 metrora. Argiak Castro Urdialesen eta Deba ibaiaren arteko aldea irradiatzen du.

Matxitxakori buruz gabiltzala ezin aipatu gabe utzi, 1937ko Martxoaren 5ean gertatutako Itsas Gudua. Izan ere, Eusko itsas Gudarosteko 35 marinelek bizia eman zuten errepublikaren aurka matxinatutakoen Canarias gurutze-ontziaren aurkako batailan.

Ibilbideak

Paisaia paregabe eta altxor arkitektonikoak barnebiltzen dituzten ibilbide hauek egiteko egoera fisiko onean egon beharra dago. Hori bai, esperientzia paregabea da.

​Oinetako egokiak eta ura eraman behar dira. Inguru Babestua denez, bertoko animalia, landareak eta inguruko lasaitasuna zaindu behar dira. Norberaren zaborrak ere bueltan eraman behar dira.

Planoaren PDF-a eskuratu