Kostaldeko leku zoragarri hau bisitatzeko kontuan izan:
Itsasoak ur azpian kolorez beteriko arrezifeak eta Begoñako Ama Birjinaren irudia ditu. Gotorleku izan da hainbat batailatan, Gaztelako koroaren aurka erresistentzian edota kortsarioen erasoen aurrean, adibidez. Era berean, Erdi Arotik erlijio ohituren eta sinesmenen erreferente ere badugu.
Gehienak egunpasa etortzen dira, baina badira oraindino promesak betetzera edota santuari eskerrak ematera datozenak.
Gaztelugatxeko erlijio errituak itsasoari lotutakoak dira eta ermita barruan hainbat eskaintza daude zintzilik: itsasontzien maketak, pinturak, argazkiak… Marinelek eta arrantzaleek ontzia itsasoko arriskuetatik babestearren santuari eskerrak emateko egin ohi dituzten ofrendak dira.
Hegaluzearen kostera hasieran, arrantzaleak eta neskatilak Gaztelugatxera joaten dira, Santuari osasuna, eguraldi ona eta arrain asko eskatzera. Eskaera errituak itsasotik ere egiten dira eta arrantzaleek itsasontziak Gaztelugatxe ingurura ekartzen dituzte “eginbeharrak” egitera: hiru buelta ababorrera eta hiru istriborrera. Batzuk San Joan belarren sorta ere botatzen dute kubiertatik, zartagin batean erre ostean. XXI. mendeko atun-ontzi punteroenek ere, teknologia berritzaileena instalatu eta kontrolik zorrotzenak pasatu ostean, hona datoz erritua egitera, Tropikora arrantzara abiatu aurretik.
241 harrizko eskailera igo behar dira Gaztelugatxe goraino heltzeko. Kondairak dioenez, santuak hiru pausu baino ez zituen behar izan Bermeotik ermitaraino ailegatzeko. Ikusi duzu haitz gaineko oinatz marka? Bermeoko harresiaren Sanjuanportalen dago lehenengoa eta diotenez, hemen eta han oina sartzen duenak, oinetan kailurik ez du izango urte osoan.
Paisaia paregabe eta altxor arkitektonikoak barnebiltzen dituzten ibilbide hauek egiteko egoera fisiko onean egon beharra dago. Hori bai, esperientzia paregabea da.
Oinetako egokiak eta ura eraman behar dira. Inguru Babestua denez, bertoko animalia, landareak eta inguruko lasaitasuna zaindu behar dira. Norberaren zaborrak ere bueltan eraman behar dira.